XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

GlZABURUAGAri jagokonez (19 irudia), ume eta gazte kopurua beste adin guztietakoak baino askoz nabarmenagoa da, Amoroton ikusten genduana barne.

0 eta 19 urte bitarteko gazteen kopurua 179 dala, 20 eta 59 urte bitarteko helduak 123 baino ez dira.

Beraz, oso oinarri zabala piramide honetan ere, mutikoak neskatoak baino gehiago dirala, egoera normala eme baino ar gehiago jaioten dala egiaztaturik dago eta.

19 urte ezkeroztik aitagarriena biztanle kopuruaren beherakada handia da, emakumezko zein gizonezkoetan; emakumezko gitxiago egotea normala da gorago aitatu doguzan umedunaldi eta erditzeakaitik, eta gizonezko kopuruaren beherakadea gizaldi hasikerako jaiotzen urritasunean euki daike arrazoia, umeengan eragin handia izan eban 10 hamarkadako iraute krisialdiagaz batera.

Irudiaren gainontzekoak biztanlegoaren kopurua etenbage jaisten dala adierazoten dau; adin urtetsuetan gauza harrigarria gertatzen da, gizonezkoak gehiago dira, normalean agure baino atso gehiago egoten dan arren.

Goazan orain SEKSUEN ARABERAKO EGITUREA ikertzera.

Datuei kasu egiten badeutsegu oreka egoera batetan gagoz, gizonezkoak emakumezkoak beste eta inoiz baita gehiago ere diralako.

1800 unean AMOROTOk %99ko Artasun Tasea dauka, emakumezko bakotxari 0,9 gizonezko jagokoz.

GlZABURUAGAk %112koa, eta MENDEXAk barriz %94koa.

Mendexan beste elizate bien aldean igarten dogun desbardintasunaren arrazoia bertako biztanle batzuk zentsoa egin zanean itsasoan lanean edo itota, garai haretan itsasoan hilkortasun handia egon zan eta, egon eitekezala izan daiteke.

Ondorengo uneetan Artasun Tasea goraka joan zan, 1810erako maila honetara helzu zala:


AMOROTO / %108
GIZABURUAGA / %109
MENDEXA / %107

Mendexako zenbakia da aitagarriena, 1800ekoa baino askozaz altuagoa da eta; beharbada zentsoa egin zanean nekazaritza sasoi onean egon zala izan daiteke arrazoia.

Egoera hau areagotuz joan zan gizaldia aurrera joan ahala.

1825ean artasun tasa garrantzizkoetara heldu zan, AMOROTOn %120koa eta GIZABURUAGAn %117koa.

Guzti honetatik ondorio hau ataraten dogu, kostaldetik nahiko hur dagozan lurraldeak izan arren, euren bizimodua lehortarra dala guztiz; baieztapen honen frogea Artasun Tasea Euskal Herriko barrukaldean ohi dan baizen altua izatea da, kostaldean, barriz, askoz txikiagoa izaten dala, %89'5 ingurukoa .(18) URRUTIKOETXEA.Demografía vasca en el siglo XVIII, Euskal Herriko Historia, XVIII. giz. Deustuko Unibertsitatea, Bilbo, 1985, 110 orr.

BEHIN BETIKO EZKONBAGETASUNari jagokonez oso urria dala dakusku.

Amoroton mutilzahar bat bakarrik egoan 1800ean, eta Gizaburuaga eta Mendexan bat bera ere ez.

Bestalde, urte horretan ez dago neskazaharrik.

Egoerea bardin egoan Gizaburuaga eta Mendexan 1810ean; Amoroton zertxobait hazi zan: mutilzahar bi eta bost neskazahar, biztanlegoaren %1,46a, Bizkaiko batazbestekoaren azpitik.